|
|
Salduenak
Aritz Gorrotxategi
Irenek helduleku gutxi dauzka: lan egiten duen liburu-denda, oroitzapenak eta animaliekin dituen ametsak. Eta pertsonaia-galeria berezi eta erakargarria osatzen duten bere lagunak: Claudio, literatur ortodoxoa; Bruno, isiltasunaren abarora bildu nahi duen idazlea; eta Morasán, ibaiko hondakinak biltzen dituen filosofo heraklitoarra. Gutxiago da, ordea, Kronskyri buruz dakiguna.
Demagun Ana Kareninak Vronsky kondea bezainbeste maite zaituztela. Eta zuk ezagutzen duzu Kronsky izeneko agure bakarti bat, zure etxebizitza berean bizi dena. Errusiatik etorri omen zen gerra amaitzean, eta inork irakurtzen ez dituen botila mezudunak jaurtitzen ditu ibaira. Irenek beldurra die trenei, eta senarra galdu duenetik, hauskor antzean dabil. Tolstoiren eskutik, hain zuzen, harreman bitxia sortuko da Irene eta Kronskyren artean, bien bakardadea eta zauriak leuntzen lagungarri izango dena.
Bernardo Atxaga
Hogeita hamazazpi urte betetzera zihoan andrea zen, bizitzaren azken mutturra kartzelako hormen artean pasatakoa. Taxitik jaitsi eta, larruzko maletari bi eskuekin helduz, Barcelonako tren geltokiaren ate automatiko bati begira gelditu zen, hain zuzen ere kristalezko superfizie hartan bere gorputz osoaren irudia azaltzen zelako. Bai, hantxe zeuden bere belaun-izterrak, bere panty beltzak; hantxe zeuden bere antezko txaketa Sidaren laxo gorriarekin eta bere buru ile motx-motxekoa. -Ez nago hain gaizki. Belaun politak dauzkat oraindik -pentsatu zuen. Bere gorputza osorik ikusteak deitu egiten zion. Kartzelako ispiluek ez zuten 40 zentimetrotik gorako luzerarik izaten".
Felipe Juaristi Galdós
Sara Vidalek ez zuen ihes egin alemanak, gerran, Odessa hiriko atariraino iritsi zirenean. Aukera eman zioten trena hartu eta alde egiteko, gizon-emakume askorekin batera, arriskutik libre izango ziren tokiren batera. Ez zuen ihes egin, bere burua hilobi bati lotua ikusten baitzuen, jakinik ez zela Kauffmannen hilobi, baina hori gutxienekoa zitzaion, mundua orduan hilobi handia zenez, hilobi bakarra zainduz guztiak zaintzen zituela uste baitzuen. Ez zuen ihes egin alemanak bila etorritakoan; biolin kutxa, maleta bat eta soinean eramateko arropa gutxi batzuk hartzeko aukera eman zioten. Bagoi zikin batean sartu zuten, bera bezalako beste berrogei emakumerekin batera, haiek ere arrazoi bategatik edo besteagatik Odessa hirian geratuak, haiek ere ihes egiteko gogorik gabeak, bazekitelako edo bestela susmatzen zutelako ihesaldi guztien amaieran hilobi bat zegoela, lurrezko hilobi edo airezko hilobi. Trenak abiadura hartu eta atzean utzi zuen hiria, eta gauez lautadan barrena zihoalarik, Sara Vidal, biolina kutxatik atera eta, joka hasi zen Scriabinen Gauekoa. Gauak are gehiago gautu zuen.
Lertxundi Esnal, Anjel
("Jon Mirande" Nobela Saria 1982)
"Ez nuen leihorik ireki behar izan gertatuko zitzaidana ezagutzeko", horixe da eleberriaren lehen perpausa. Martzelinaren bihozkada hori nagusitzen da hasiera-hasieratik; eta nobela zehazki ez dakigun gertakariaren inguruko informazioa antolatzen igaroko da. Baserri giroko trajedia bat da eleberri hau. Indarrean eta afanean oinarritzen den kontakizuna: apostulari baten heriotza du gertaera nagusi. Pertsonaia desberdinen eta ikuspuntu desberdinetan oinarrituz, emakume baten bakardade eta sofrimenduaren ikuspegi sakona eskaini du idazleak. Ikuspuntuaren erabilera erabakigarria gertatzen da. Bernardo Atxagaren Bi Anairekin batera hauxe da 80eko euskal nobelarik lortuena. Sotelo
Bernardo Atxaga
Sugeak txoriari begiratzen dionean, txoria itsutu egiten da, eta ordurarte begien bistan eduki duen munduaren zati laburra -zuhaitz batzuk, bizpahiru teilatu, bidea, zeruaren urdina- ezkutatu egiten zaio bat-batean. Barraketako magoen paineluekin gertatzen den bezala, une batez hantxe dauka guztia: koloreak, mugimendua, argia. Hurrengoan, berriz, guztia joan egin da, ezin liteke hutsune beltz bat baizik sumatu.
Pedro Alberdi
Euskal Herria. 1950-70. Gerra osteko giroa. Giza oldeen joan-etorriak herri txikietatik hirietara. Industria. Familia transmisioa. Mugimendu sozialen sorrera. Herria eta eliza. Bokazioen krisia. Kooperatibismoaren lehen pausoak. Gaztedi berria. Marx eta Sabino Arana. Indarkeria. Zine-forumak eta eskola sozialak. Sartre eta Unamuno. Alienazioa eta sorkuntza. Sator lana. Che Guevara eta Txillardegi. Gizona, lana, makina. Heroiak eta ereduak. Bizitzaren zentzua. Laguntasuna. Aberria. Heriotza.
Carlos esaten zioten gizona ez da geldi egoteko jaioa. Egokitu zaizkion mundua eta gizartea aldatu nahiko ditu, eta nahi horrek era guztietako talde alternatiboak ezagutzeko aukera emango dio. Carlos esaten zioten gizona bere garaiko seme da, 1968ko matxino frantziarren korrelatu euskalduna.
Josetxo Azkona
Hiriko pasealekuren batean, eritasunen bat dela eta, zumar mardulak botatzen dituztenean, eraldatu egiten da paisaia. Arrotz bihurtzen da. Egunak aurrera joan ahalean, ordea, eta handixe maiz igaroaren igaroz, urrituz doa zumar desagertuek eragindako barrengo hutsune sentsazioa, harik eta erabat desagertzen den arte. Susmoa dut, pasealekuko arbolekin gertatzen den bezala, halatsu ere gerta daitekeela poesiarik gabe bizitzera moldatuz gero. Hots, gabezia horrek sorturiko hasierako estutasuna pixkanaka arinduz joanen zela egunez egun. Edo, bestela esanda, normaltasun osoz bizi daitekeela hitz poetikorik gabe. Orduan, bada, usadio kontua ote da dena?... Ez, ez dut uste. Eta, gainera, ez dut trantze horretatik pasatu nahi ere. Badaezpada.
Tira, kontzientea naiz poesiak betetzen duen espazioaz, arbolek eta zuhaitzek betetzen dutenaren gisa. Horregatik, hain zuzen, hona hemen —espazio horiexen defentsan— liburu honetako poemak.
Aitziber Etxeberria
DONOSTIA, "Opera Prima" SARIA 2003
Komunera joan eta alboko bainugelan norbait zegoela konturatu nintzen batean, jakin-minak bultzaturik, begia paretaren kontra jarri eta zirrikitutik begiratu nuen. Ikusi nuenak ia arnasarik gabe utzi ninduen. Berebiziko emakume bat zen nire bizilaguna eta biluzik zegoen, bainuontzira sartzeko asmotan. Badakit ez dudala ondo egiten, baina orduan sentituriko zirrara beste behin dastatu asmoz konponketa atzeratzea erabaki nuen eta horrela nire hasierako asmo ona bertan behera geratu zen. Badakit espia nazkagarri bat bilakatu naizela, baina bakardadeak honelako gauzak egitera bultzatzen nau batzuetan.
Ez daki berak ongi zenbat atsegin dudan bere biluztasuna! Horrela ikustean, bera bezain ahaltsua sentitzen bainaiz.
Beti erritual bera egiten du Iosunek. Bainugelara sartu eta, argia piztu ondoren, ispiluaren aurrean geratzen da eta adi-adi bere aurpegi guztia aztertzen du.
Kopetatik hasten da beti, ondoren bekainak, betazalak, betileak eta sudurra etortzen dira, eta azkenik masailak, ezpainak, kokotsa eta lepoa. Bere edertasuna itsustuko duen ezer ez dagoela bermatu ondoren, aurpegia garbitu eta olio usaintsu batez masaje txiki bat ematen du astiro, gozotasunez.
Karlos Linazasoro
Gertakari latz batetik abiatuta —autoreari ia batera hil zaizkio aita eta ama—, haien etxe hutsaren barruan kutxa huts hits bat balitz bezala sentitzen du, eta modu naif batean egiten du bertako bisita, oroitzapenak aletuz, sentimenduei askapen baimena emanez, heriotzaren berri eta giza kondizioarena ematen du. Linazasorok haur eta gazteei zuzendutako liburua dela esaten du, baina helduen sailean sartu dugu, ez dugulako haurrentzako poesia sailik, baina baita helduentzako literatura ere izan daitekeelako.
Pako Aristi
Nobelagile goiztiarra eta ugaria dela frogatua utzi zuen Pako Aristik 80eko urteetako nobelagintzan:
Kcappo (1985), Irene (1887) eta Krisalida (1990). Hiru nobelak mundu eta mentalitate erruralak pisu handia duen auzune eta herri txikien tamainako leku batean gertatzen dira. Irene nobelatik aurrera leku horri Belandia deritza. Sonataren ohiko lau mugimenduak hirura ekarriz, nobela bakoitzari tempo edo erritmo narratibo bat txertatu nahi izan dio. Kcappo nobelak lortu du hiruen artean arrakasta handiena. Gauza asko gertatzen dira Pako Aristiren nobeletan, eta honako honetan bereziki: sexu-harreman biolentoak, biolazio eta haragikeri grinatsuak, hilketa odoltsuak, urkamenak, zer ez!
|